XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

III.- BERRI ONAKIN GERA. Juan Arin euskaltzale bizkorrak aitatzen du Gabon kanta hau eta lehen bertsoa eman ere bai, baina besterik ez.

Belen zarra izenez ezagutzen zela kanta hau, dio, eta Ataunen 1900 aldera sartu zela.

Urtezarretan kantatu ohi zen.

Ataunen oso herrikoi izan da kanta hau eta behar bada bertan sortua da.

Oraindik askok bizi bizirik gogoan dute eta bat batean kantatuko dizute.

Nik hauei entzun diet: Saarteko Jose eta Iñaki Arratibel anaiei; Artillako Felipe eta Itzateko Santi Bazterrika osaba ilobei; eta Tellazpiko gazteek, berriz, paperean eman zizkidaten bertso gehienak.

Ikusten denez, iturri asko eta horregatik oharretan ematen ditudan barianteak.

Amorebietan ere ezaguna da Gabon kanta hau (ikus Anuario E.F. 1922, 87-89 or.: bertso batzuk berdinak, besteak ezberdinak).

Ataunen erabili ohi den doinua hemen ematen dugu, denek ezagut eta kanta dezaten.

IV.- NAI BADEZU ONGUI BIZI. Kanta zahar hau Juan Arinen kuaderno batean aurkitu dut, Ataungo eliz artxibotik jasoa da noski.

Nik, aurkitu dudan bezala, ematen dut hemen, ezer aldatu gabe.

Azkuek badakar lehen bertsoaren bariante bat, Ultzaman jasoa (ikus Cancionero popular vasco II, 781 z., 85 or.).

Eta Gurutzebideko kanta bat dela adierazten du, eta hala da, baina nire iritziz bertso batzuk falta zaizkio.

V.- LEENAGOKO GIZONAK OGIA NOLA IRABAZI ZUEN. Alegi zahar eta kanta zoragarri hau Felipe Bazterrikaren ahotik jaso dut.

Felipe hau ataundarra da, nahiz aspalditxotik Gasteizen bizi.

80 urteko gizona, baina memoria erne eta izpiritua gazte dituena; gaztetan baserri giroan hausnartutako euskal kultura bizi bizirik gordetzen du gaur ere.

Txikitan amari entzun omen zion kanta hau.